#1 Julián Zugazagoitia
Mikro-kontakizunak Bizkaieraz
Hilerriko ekialdeko horma
Kanposantuko ekialdeko hormaren hegoaldeko muturrera hurbildu ahala bi kamioi zaratatsu eta baldarrek egunsentiko birjintasuna urratzen dabe. Fokuak piztuta, eguzkiak, ordu hauetan, neguko zeru grisan goizargiaren asmoa nekez aurresaten dau eta.
Militar plantaz, arrokeriaz, sei soldadu lehenengo kamioitik bajatu eta ladriluzkzo horma zaharretik metro gutxira koadratzen dira. Bigarren kamioitik graduazio altuagoko militar bi eta funtzionario bi bajatzen dira, azkenengoek, betebeharraren errutinan bereganatzen den bihotzgabetasuna eta parsimoniagaz, bi gizonak jaistera gonbidatzen dabez. Eskuak lotuta, nekeak, otzak, hezurren gogortasunak eta beldurrak ahulduta, kamioiaren ohetik salto egitean presoetako batek estropezu egiten dau; une horretan, gizatasun senez egindako keinu bat azalduz, soldaduetako batek mauserra esku bakar bategaz hartu eta besteagaz gizajoa bere eskuineko besotik oratzen deutso. Graduazio altuagoko militarraren gaitzespen-begirada ez jake oharkabean pasatzen parada goibel honen bakoitzari. Gizonak, oraindik eskuineko besotik helduta, eskertze-begirada bat bota deutso soldaduari.
Momentuak merezi ebazan atarikoak egin barik, une miserable hori duinago egin lezakeen erritualik gabe, agurrak esateko aukerarik gabe, esaldi gogoangarrietarako tarterik gabe, lekuko inpartzialik gabe zeruertzetik lotsaz agertzen dan eguzkia izan ezik, gudan ikasten dan basati-instintua jarraituz, hormari begira jartzen dira zigortuak. Kaporalaren agintean, sei eztandek bizitza bi ezeztatzen dabez modu apelaezinean. Haien gorputzak, trapuak balira bezala, bi soldaduek hormatik metro gutxira hondeatutako hobiraino tatarrez eroaten dabez. Ohiko lurrezko paladek, begirada errudun batek eta mespretxuzko hainbat begiradek lurperatzen dabez gorpuak ha eguneko egunsentian.
1940ko zemendiaren 9an gertatu zan eta exekutatuek Francisco Cruz eta Julián Zugazagoitia deitzen ziren. Aurrerantzean ospatu ziren exekuzioetan akta altxatu eben funtsionarioen, “fuego” aldarrikatu eben beste militar batzuen eta gobernu golpista haren lizunkeria haunditzen jarraitu zan Almudenako Hilerriko ekialdeko hormetan burututako 2.500 hilketekin.
Joseba Gonzalez Zuazo
Eskuz idatzitako ohar txiki bat mahai ganean
1940ko garagarrilaren 5ean Wehrmacht-ak erasoaldi handia hasi eban Frantziaren kontra; bederatzi egun geroago, garagarrilaren 14an, Hitler Pariseko kaleetatik bazebilen. Frantziako gobernuak eta hiriko biztanle askok, orain dala urtebete eskas iritsi ziren espainiar errefuxiatuek ere, ihes egin dabe ordurako; gutxi batzuk baino ez dira geratzen, konfiantza larregi asumiturik edo eusteko gogoz dagozelako. Horietako bat Julián Zugazagoitia da.
Azken egunetan irrika eta mesfidantzaz betetako eferbeszentzia-giroa nabaritzen da Parisen eta Gestapoaren sarekaden ganean sortuniko barriketak bata bestearen atzetik datoz. Kalean elkar gurutzatzen diren aurpegiek ikaragarrizko beldurra islatzen dabe; salatua edo salatari ote diren ez dakien adorea lehertu egiten dabe.
6 Rue du Commerce delakoaren ataritik irtetzen danean, Julianen pentsamentuetan Luisen ohartarazpen-hitzak hots egiten dabe hondino. Luis Lorenzoren anaia da, Basauriko “El Boquete” auzokoa, gaztetatik ezagutzen ebena eta duela urtebete Bordeletik heldu zana.
—Julian entzun!, emaztea eta seme-alabak dekozuz, eskapau hareekaz…
Burutazino horregaz, Frantziako hiriburura iritsi barri diren espainiar errefuxiatuen laguntza koordinatzeko komitearen egoitzako atarian aurkitzen da. Gaitzustezko eskoi-ezkerreko begirada bat bota ta gero, ezkaratza gurutzatzen eta eskilarak binaka igotzen dauz bigarren solairuraino. Egoitzan sartu ahala aldarrika egin dau.
—Ramon!,… Juan!!
Inork ez dau erantzuten. Bere arpegian kontrariotasun-keinu bat azaltzen da: arraroa antzematen jako ordu hauetan inor ez egotea. Ez deutzo garrantzi gehiagorik emon nahi. Bentanatik gertu dagoen idazmahaitik paper bat eta estilografika bat hartuta, nota labur bat osatzen hasten da.
“Querido Lamoneda: Mi mala suerte quiere que hoy, que he venido a veros, no encuentre a nadie. Debo suponer que estáis y que vuestro trabajo sigue. No sé nada ni por vosotros, ni por don juan, ni por el S. E. R. E. Vivo, pues, en la felicidad del ignorante. Estoy persuadido de que esta ola de pánico que se ha desencadenado en París, no os afectará, por vuestra mayor experiencia de lo que son estas cosas. Si tenéis tiempo, pues, de pensar en asuntos ajenos, no olvidéis que son muchos los afiliados que os agradecerán vuestro consejo y mejor vuestra ayuda. Con un poco de calma, se puede hacer todo: nadar, guardar la ropa y ayudar a que se salven los que no tienen ropa ni saben nadar. Un abrazo para todos“, ZUGA.
Julianek ohar labur hau itxi eban, azkena, igarri be egin barik laster bere epitafioa izango zinala eta, aldi berean, gertaera ulertezin baten atarikoa, zentzugabekeria eta irabazlearen doako mendekuaren lagina, Zuga iristen zanerako berton ez zeudenen mesfidantza zuhurra isladatzen dauenak. Bere gehiegizko konfiantza ere islatzen dau ohartxoak, etsaiaren senarekiko konfiantza inozoa; “zorion ezjakintsua” dio berak. Handik gutxira zoritxarreko izango dan fidantzia. Zugak jendearengan konfiantza baeukan, baita jende txarrarengan ere, beronek hainbestetan lagundu eutson jende horiengan, gizaki oroengan konfiantza baitzuelako. Horren sinplea eta horren gizatiar. Urraca agente sekretuaren efikaziari esker, Gestapoak Zuga preso hartu eta Francoren eskuetan itxi eban. 1940ko zemendiaren 9ko neguko gau hartan hainbat bala bere bihotza zehartu ebenean ere, Zugak gizakiengan sinistuten segidu eban.
Joseba Gonzalez Zuazo
Mila esker Maribel, bizkaiera garbia ikasten laguntzagaitik